2013(e)ko azaroaren 15(a), ostirala

Elkarrizketa

 Gaurkoan, bost astez gure gelan praktikak egiten egon den Manex Torrealdairi egin diogu elkarrizketa. 

1.      Zergatik aukeratu duzu irakasle izatea?
Lanbide bat aukeratzerako garaian beti egoten dira duda asko, bat aukeratu, beste bat aukeratu… nire kasuan informatikarekin eta irakaskuntzarekin eduki nituen dudak. Lehenik informatika egitea erabaki nuen baina irakaskuntzari ez nizkion ateak itxi nahi. Aisialdiko begirale moduan lanean hasi nintzenean konturatu nintzen nahiago nuela irakasle izan informatiko baino, nire etorkizuna haurrei irakasten igaro nahi nuela eta ez ordenagailu baten aurrean. Orduan hasi nintzen irakaskuntza ikasten.

       2.      Zergatik etorri zinen Orioko ikastolara? Zergatik LH5era?
Usurbilgo ikastola aski ezaguna dut jada, bertan ikasi nuen eta urte ugari pasa ditut han. Aldaketa nahi nuen. Oriok herri bezala Usurbilen antz handia du, bai herri giro aldetik, bai jende aldetik eta baita ikastolan ere. Horregatik erabaki nuen hona etortzea, banekien jende jatorra egongo zela eta gustura egongo nintzela 5 aste hauek.

LH5 mailan praktikak egitea ez zen nire aukera izan, baina esan zidatenean oso gustura jarri nintzen. Adin polita da, 10 urte, haurretik gaztetxora pasatzen hasten baitira. Oso gustura nago praktikak talde honekin egin izanaz, asko ikasi dut eta asko irakatsi izana espero dut.

       3.      Zer iruditu zaizu Orio? Alde positiboa eta negatiboa. Zer desberdintasun dago Usurbilekin?
Oso polita! Kosta giroa ezagutzea esperientzia ederra izan da niretzat. Bertan bizi zaretenok itsasontzian ibaitik itsasoratzen ikustea gauza normala da baina niretzat horrelako detaile txiki bat gauza berezi bat izan da. Usurbilek kostarik ez duenez ez daude kostan ohikoak diren hainbat gauza eta aldaketa kuriosoa izan da niretzat.

Alde negatiboa jartzeko asko pentsatu beharra daukat, ez dut inolako kexarik eta hobetzeko zerbait esatea zaila egiten zait.

Bi herrietan, paisaia kontuan eduki gabe, ikusi dudan desberdintasunik handiena herriko eragile desberdinen arteko lotura da. Adibidez, Txurrumuski eta Ikastolaren artean dagoen harremana oso ona iruditu zait. Hezkuntza formala eta ez formala uztartzeko laguntza handia ematen duela uste dut bien arteko harreman horrek.

       4.      Zergatik ari zara egiten ikasketak Euskal Herrian?
Txikitatik hazi eta hezi naiz euskal giro batean eta nire ikasketa guztiak egin ditut euskaraz; horregatik jarraitu nahi nuen euskaraz ikasten. Gainera, gerora irakaskuntzan lan egiten badut euskaraz irakatsi nahi dut eta horretarako hoberena euskaraz ikastea dela iruditzen zait.

       5.      Zer irakatsi nahi duzu? Tutore, Musika, Soinketa, Berezia…
Duda asko ditut honen inguruan. Musika eta heziketa berezia asko gustatzen zaizkidan arren praktika hauetan tutore izateak duen lana ikusi dut eta oso interesgarria iruditu zait. Ikasgelatik at ere, tutoreak, lan handia duela ikusi dut eta kanpoko lan horrek eragin positiboa duela haurrengan iruditzen zait.

       6.      Nolakoa izan zen zure bizitza Usurbilgo ikastolan?
Ez dut askorik gogoratzen garai hauetaz baina gogoratzen dudanagatik oso urte lasaiak ziren, ez genuen etxeko lan askorik edukitzen eta ikasten genuena nahiko erraza egiten zitzaidan. Arratsaldeak jolasten pasatzen genituen, football-ean, eskubaloian, kaleko jolasetan…

       7.      Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Nire zaletasunik handienetako bat kirola da. Asko gustatzen zait kirola egitea, korrika, bizikleta, igeriketa, mendia, eskubaloia, eskia, snowa…

Kirolaz gain trikitixa jotzea ere oso gustuko dut eta udara honetan gitarra ikasten hasi naiz.

Bestalde aisialdi munduan ere ordu asko pasatzen ditut. Ziortza gazte elkartean (Usurbileko aisialdi taldea) ibiltzen naiz eta Usurbilgo gaztetxoekin esperientzia polit eta bizipen ugari eduki ditut eta horrela jarraitzea espero dut urte batzuetan. Mundu honek begirale lagun asko egiten eta, niri, nire burua hobeto ezagutzen lagundu dit.

       Motxean

Herri bat: Tolosa
Janari bat: Entsalada
Kolore bat: Berdea
Hondartza ala mendia: Mendia
Kirol bat: Triatloia
Musika tresna bat: Trikitixa
Garraiobide bat: Bizikleta
Animalia bat: Txakurra
Musika talde bat: Kerobia
Pirsinga ala tatuajea: Pirsinga
Neska laguna ala mutil laguna: Neska lagun jator bat
Telebista programa bat: “Como conocĂ­ a vuestra madre”
Pentsatzeko jokoak
Euskara lantzen (sinonimoak)